*UASCONICATUM> *BASKONEGADU > BASCONGADO (VASCONGADO)
Vasco eta vascongado (bascongado) erdal hitzek adiera berea daukate: euskalduna
esan nahi dute; erdarazko berezko hitza vascongado/ bascongado da, Hispaniako
latinaren *uasconicatum hitzatik datorkiguna. Frantsesaren basque hitzagatik,
gaur egungo gazteleraz 'vasco' diogu 'euskalduna' esateko, baina antzina behenafarrak
ziren 'baskoak', hau da, Seigarren Merinaldekoak, Pirinioetako iparraldeko isurialdekoak,
Erdi Aroan Nafarroa Garaiatik migratuak. Antzinako 'La Tierra de Bascos' Behe
Nafarroa -Baxe Nafarroa- zen.
HIZKUNTZA GATAZKA
XVIII. mendean Nafarroan gertatu zen hizkuntza gatazka jazoera hau klasean azaldu
zidan irakasle batek. Nafarroako Apezpikutzako epai perituak protagonista zirela.
Mila zazpiehun eta hirurogeita hamazortzigarren urtean, Nafarroako apezpikutza
hartzaile ('receptores' erdaraz) euskaldunek salaketa bat jarri zuten. Garai
hartan, Nafarroan 24 hartzaile zeuden: bederatzi euskaldun (bascongados) eta
15 erdaldun (romanzados), Nafarroako euskal eta erdal hiri eta herrietako kasuak
entzuten zituztenak. Apezpikutegian, antza, hartzaile euskaldunen kopurua murriztu
nahi zuten, eta hori zela kausa hartzaile euskaldunek salaketa aurkeztu zuten;
batez ere lan pilaketa ekidin nahi zutelako. Nafarroako apezpikutegiak hiru
alde zeuzkan, eta alde bi euskaldunak ziren; Nafarroa erdia euskalduna zen.
Prozesu honetan, hartzaile erdaldunek azaltzen dute Nafarroako euskal herri
osoan ("en toda la tierra bascongada") orok gaztelaniaz dakiela; hartzaile
euskadunek, berriz, ihardesten diete hartzaile erdaldunei euskaraz dela orokorren
eta gehien hitz egiten dela; eskribauek euskaraz egiten dutela, eta erdaraz
ere badakitela ere esaten diete. Prozesuan, Nafarroako hartzaile erdaldunen
jarrera, euskaldunen kopurua murriztearen ideiaz, gogorra da; aitzitik, euskaldunak,
beraien ikuspuntua defendatu arren, apalagoak dira, ez dutelako gehiagorik eskatzen.
Antzinako eta gaurko egoerek antz handia Nafarroan.
ILTZARBEKO EUSKARA
Mila bederatziehun eta hirurogeita hamaseigarren urtean Nafarroako Erriberriko
Alejandro Díez y Díaz jaunak "Navarra. Temas de cultura popular"
bildumako "Valdizarbe" izeneko liburuxka argitaratu zuen. Díez-ek
dioenez, Iltzarbe haranako Utergako abatea izandako Juan de Beriain idazleak
bi liburu argitaratu zituen XVII. mendean: "Tratado de como se ha de oir
misa, escrito en Romance y Bascuence, lenguages de este Obispado de Pamplona",
eta "Doctrina cristiana en romance y bascuence", 1621. eta 1626. urteetan
hurrenez hurren argitaraturik. Lehenengo liburuaren sarreran, Nafarroako alde
gehienetan euskaraz hitz egiten dutela dio Beriainek. Díez jaunak azaltzen
du Nafarroako Iltzarbe haranan 1870.n urtean jende askok euskaraz zekiela, baina
kausa batzuengatik haran horretan euskara desagertu egin zela. Beriainek ematen
dizkigun argibideak oso interesgarriak dira garai hartako euskararen egoera
ezagutzeko; bere euskalkia hegoaldeko goi nafarrera da, eta bere euskara oso
argia da. Lehengo eta oraingo euskal alde guztian euskarak eta erdarak elkarrekin
eboluzionatu egin dute; batera, baina ez era berean.
EUSKAL HERRIKO ERLIJIO JENTILA
Bertako erlijio jentila ia ahaztuta dago. Herri erlijio honek Eguzkiari, Ilargiari
eta Mariri sakratutzat zituen. Estrabonek dioenez, gure euskal arbasoek pertsonak
sakrifikatzen zituen; kristau-erlijioak Erromako eta euskal herriko erlijio
jentilak ordeztu ditu; kristautasunak haien lekua hartu du.
EUSKAL HERRIEN IZENEZ
Askotan, euskal herriko huri eta herrien erdal izenak euskarazkoak baino kontserbakorragoak
edo mantentzaileagoak dira. Beinke, euskaraz eta erdaraz eboluzio desberdinak
izan dira. Nafarroako erdaraz, eta gaztelaniaz ere, ez zen latinaren -n- interbokalikoa
erori; aitzitik, galizieraz, portugaleraz, gaskoieraz eta euskaraz latinaren
-n- interbokalikoa erori zen Erdi Aroan. Latinaren -n- interbokalikoaren erorketa
eta nasalitate bokalikoaren prozesua ia orain dela mila urte hasi zirela. Gutxi
gora behera, euskararen eboluzioa honakoa izan liteke:
Albonica > *Almonika > *Almô(h)îkaa > *Almoikea > Almoike
> Almike (Albóniga erdaraz).
Aragona > *Aragô(h)â > Aragoa (Aragón erdaraz, eta
Aragona zenbait erdal hizkuntzatan).
Argomaniz > *Argomâ(h)îz > Argomaiz (Argómaniz erdaraz).
Argomaniz > *Argomâ(h)îz > Argomaiz (Argómaniz erdaraz).
Lemoniz > *Lemô(h)îz > Lemoiz (Lemóniz erdaraz).
Laukiniz > *Laukî(h)îz > Laukiz (Lauquíniz erdaraz).
Lemona > *Lemô(h)â > Lemoa (Lemona erdaraz).
Kexana > *Kexâ(h)â > Kexaa (Quejana erdaraz; 1600 urtera arte,
gutxi gora behera, erdal izena Quexana zen).
Torrano > *Dorrâ(h)ô > Dorrao (Torrano erdaraz)
Zenbait kasutan, erdaraz euskararen eboluzioa ikus dezakegu; adibidez:
Zeberiano > *Zeberiâ(h)ô > Zeberio (Ceberio erdaraz ere bai).
Kerrianu > *Gerriâ(h)û > Gerriau (Guerriau erdaraz ere bai;
gaur egunean, Gerriau Arabako herrixka despopulatua da).
Arabako Mezkiaren adibidea antzekoa da. X. eta XI. mendeetako dokumentazioan
"Mizkinia" eta "Mizkina" bezala agertzen da; gaurko euskal
eta erdal izena Mezkia (Mezquía) da.
(Oharra: ^ tiletak bokal sudurkaria adierazten du, eta * asterisko sinboloak
hitz ez dokumentaturik esan nahi du).
DONEMILIAGAKO GLOSAK
Errioxako Donemiliaga Kukula (San Millán de la Cogolla) Monasterioko
Codex 60 izeneko eskuizkribuaren glosa gehienak (X. mende ingurukoak) errioxeraz
eta latinez izkribaturik daude; halaber, bi glosa, "jzioqui dugu"
eta "guec ajutuezdugu", euskaraz daude. Donemiliagako glosak euskal
eta erdal manifestapen zaharrenak dira. Errioxera eta gaztelania hizkuntza azberidnak
ziren; errioxera "romance navarro"-ren dialektoetarik bat zen. Gainera,
garai hartan, X. mendean, Errioxa Nafarroako lurraldea zen, eta gaztelaniaz
Gaztelako konderrietan baino ez zen hitz egiten; konderri hauek Amaya, La Bureba,
Campoo eta La Montaña ziren.
AURREKO EUSKAL HERRIA
Aragoako Oska (Huesca) hirian eta Oska probintziako alde batzuetan euskaraz
hitz egiten zuten; hona hemen etsenplu edo gertaldi bat: 1349.eko Aragoako errege
dekretu batek Oskako hiri merkatuan arabieraz (algaravia), hebreeraz (abraych)
eta euskaraz (bansquenç) hitz egitea debekatzen duelako: "Item nyl
corredor no sia usado que faga mercaduria ninguna que compre nin venda entre
ningunas personas faulando en algarabía, ni en abraych nin en bansquenç,
et qui lo faga pague por coto XXX sol" ("1349.ko Oskako araubideak"
in Revista de Archivos, Bibliotecas y Museos, t. III, 1013, pag. 433, in "Erronkariko
uskararen hiztegia. Diccionario español-uskara roncalés",
Bernardo Estornes Lasa. Iruñea, 1997).
EUSKALDUNAK ERRIOXAKO, SORIAKO ETA BURGOSEKO LURRALDEETAN ERDI AROAN
VIII. eta IX. mende bitartetan, euskaldunak Soriako sartaldera (mendebaldera),
Burgoseko hegoaldera, eta Errioxara migratu ziren. Karistio eta bardulo migrazio
hau gaztelera eta errioxera hizkuntzak sortu zirenean suertatu zen; horregatik
euskarak eragin zuen Hispaniako bi erdal hizkuntza hauetan. Dakigunez, gaztelania,
gaztelera edo erdara Gaztelako konderrietan sortu zen; konderri hauek Amaya,
La Bureba, Campoo eta La Montaña ziren. Hasieran Castiella edo Gaztelako
hiriburua Amaya zen. Geroago, hiritasuna aldatu zen, eta Burgos hiriburu bihurtu
zen; horregatik, Burgoseko gaztelania hizkuntza ofizial edo arauemaile bihurtu
zen. Euskarak gaskoieran eragin zuen ere bai (gaskoiera okzitanieraren medebaldeko
mota da), gaskoiera euskaraz hitz egiten zuten eskualde batean sortu zelako;
Gaskonia "Uasconia"-tik dator.